XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Trenak ez du itxoegiten

Denborak ez du atzera egiten.

Egiten duen pixka beti aurrera egiten du.

Abiada horretan ez dio inori eta ezeri barkatzen.

Bide ertzean uzten ditu gizonik ospetsuenak ere.

Denboraren joanak hilik uzten ditu gizonak, iritziak, jokabideak, ohiturak, erakundeak, egiturak... Denborak aurrera jarraitzen du gupidagabe.

Gu geratzen gara atzera.

Beti ibilian dabilen trena bezala da denbora.

Denborak ere baditu trenak bezala abiada uneak eta garaiak.

Une eta garai hoiek zaindu behar dira ondo.

Gizon bat bakarra ezagutu dugu trena behin bakarrik galdu zuena.

Hauxe esan zuen ihes egin zion trenari begira lurra ostikoz joaz: ederki egin didak, nik diat errua, berandu heldu bait naiz. Baina ez didak sekulan gehiago aldegingo, ordurako zuzen etorriko nauk eta.

Askotan galdu izan dugu trena.

Inoiz abiatuta gero ere sartu izan gara barrura.

Taxisean hurrengo geldiunerako aurrea hartutakoak ere badira.

Baina zaila da behin abiatutako trena harrapatzen.

Ezinezkoa urrutiratu zaigunari aurrea hartzea.

Orobat gertatzen zaigu denborarekin.

Denborarekin batera ez doana gero eta atzerago geratzen da.

Denborak ez du itxoegiten.

Zenbat aldiz galdu dugun denboraren trena! Zenbat aztarrika jo dugun geldi arazi nahiaz! Bazterrera bota ez dituenak azpian txikitu ditu.

Europan bizi gara, baina ez beste erresumak bezala nortasun osoaz.

Gure gizartea oso loturik eta atxikirik aurkitzen da beste batzuei.

Hauek jartzen duten bidetik ibili beharra dauka nahitaez.

Denbora berri baten abiada-unean eta garaian aurki gintezke.

Ireki beharra, ireki nahia eta aldi berean ezin irekia nabarmentzen da gure inguruan.

Hitzaldiak eta batzarreak egiten dira han eta hemen.

Arrautzatik ezin jaio den txitoaren antzera gabiltzala uste dugu.

Zenbait arrautzak koskoa gogorra du.

Ezin zulatu izaten du barruan dagoen txitoaren moko txiki eta bigunak.

Ireki beharraren eta ezin irekiaren arteko borroka honetan zabalduko den atea ez da ate haundia izango, ate txikia baizik.

Ameslari batzuek ate haundia irekiko balitz bezala egingo dituzte egitarauak eta hartuko erabakiak.

Ez dute pentsatuko, noski, ate txikia bera ere poliki poliki eta piskana piskana irekiko dutenik.

Horregatik zenbait kanpoan geratuko da ate haundiaren ondoan atejoka diharduelarik.

Irekitzen den txikiaren zirrikituaren ondora hurbiltzen direnak bakarrik sartuko dira barrura.

Jende asko dago ate txikiko zirrikituaren zai.

Horregatik dabil jendea ibilian, han eta hemen, batzartuz.

Osatzen ari da mahai ingurua.

Nori deituko ote zaio mahai inguru horretara? Zenbat bazkaldar izango ote da? Zer bazkari ipiniko ote? Zein sukaldarik maneatuko ote du jana?

Oraingoan ere euskaldunok trena galduko ote dugun beldurrez gara.

Izan ere, ari ote da gure sukaldaririk bazkari hori prestatzen?

Eta, jakina, gure sukaldaririk tartean ez bada on egingo ote dio gure urdailari bestek jartzen digun janak?

Guretzat lekurik ez ote duten gordetzen mahai inguru horretan iruditzen zaigu irekitze aldekoen batzarreak eta hitzaldiak aztertzen baditugu eta ireki izeneko aldizkariak irakurtzen.

Izan ere geuk jarri behar dugu geurontzat aulkia mahai horretan.

Baina besteak ipintzen ari diren bitartean gu geuron arteko eztabaida antzuei jarraituko gatzaizkie.

Ez eskuinean ez ezkerrean jarlekurik dugula, ezkerrean ala eskuinean exeriko garen, eztabaidatzen ibiliko gara.

Irekiko ez duten ate haundiaren ondoan aurrena nor sartuko borrokan lehertuko gara.

Bultza diezaiogun ate txikiari zirrikitua hazi dadin.

Jar dezagun mahaian aulkia eta manea bazkaria.

Horretarako hel diezaiegun funtsezko eta oinarrizko arazoei.

Trena ez da guk nahi dugun bidetik eta orduan abiatuko.

Ez dezagun trenik gal.